
Ostirala, 2012ko urtarrilak 13a.
Iaz bezala, Gros eta Sestao-Naturgas
taldeak faborito argi direla hasiko da bihar xakeko Euskal Liga.
Josu Tornay. Donostia.

Sestao-Naturgaseko
jokalariak, orain bi urteko Euskal Ligan. /
A. CANELLADA / ARP.
Iritsi da urteroko lehiaketa. Bihar
bertan jarriko da martxan 2012ko Xakeko Euskal Liga, 16:00etan, Sestao-Naturgas
Energia iazko garailea eta Gros faborito argi direla. Aurten, berriz ere,
Euskal Herri osoko 1.000 xakelari inguruk parte hartuko dute maila guztietan.
Hamar taldek osatuko dute Ohorezko Maila: Gros, Zuri Baltza, Batalla, Orvina A,
Ruta de Europa A, San Viator, Sestao Naturgas Energia A, Easo Xake Taldea,
Conteneo Haitzak eta Altzaga-Leioa taldeek. Eta beste hainbeste ariko dira
Lehen Mailan: San Juan A, Errenteriako Sustapen taldea, Oberena, Orvina B, Ruta
de Europa B, Barakaldo, Sestao Naturgas Energia B, Zornotza, Arrasate-Arlutz
eta Eguzki-Urnieta.
Euskal Ligan ariko diren jokalari gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian daude izena
emanda. Tartean, Ipar Euskal Herriko hainbat xake jokalarik ere Gipuzkoan
daukate izena emanda, nahiz eta klub horien egoitza nagusia Gipuzkoatik kanpo
dagoen. Iaz bezala, beraz, legeak uzten duen zirrikitua baliatuta, liga
autonomikoa izan beharrean, euskal kluben eta federazioen arteko liga izango
da. Euskal Herri osoko xake jokalarien parte hartzea baliatu nahi dute
antolatzaileek modu horretan. Hain zuzen ere, kirolaren legearen barruan jasota
dago puntu hori, eta horrek aukera ematen du torneo ofizial batean hainbat
autonomiatako klubek jokatzeko.
Historiako torneorik sendoena jokatuko da Ohorezko Mailan. Gros eta Sestao dira
faboritoak. Horretan ez dago zalantzarik. Sestaok izango du ligako jokalaririk
sendoena: Hikaru Nakamura estatubatuarra; 2.759 elorekin, munduko 12. jokalaria
da une honetan. Grosen kasuan, berriz, Ruslan Ponomariov ukraniarra eta munduko
txapeldun ohia da jokalaririk sonatuena; 2.727 elorekin, munduko 23.a da.
Baina, zerrenda guztiari begiratuta, Sestaorena ikaragarria da: Hamabi maisu
handi daude taldean, eta horietako bost 2.700 elotik gora dabiltza; munduko 40
onenen artean daude. Grosen zazpi maisu handi daude.
Hala ere, badirudi Grosek bere politikari eutsiko diola: Euskal Herrian bizi
diren jokalariak soilik aurkeztuko ditu Euskal Ligan. Ezusterik ezean, beraz,
Franco, Gonzalez, Etxegarai, Argandoņa eta Martin ariko dira lehian. Espainiako
Txapelketarako gordeko dituzte fitxaketak. Iaz, politika horri eutsita,
bigarren izan ziren Euskal Ligan, eta irabazi egin zuten gero Espainiako
Txapelketa.
Gainerako
taldeak, hobeak.
Sestaora eta Grosera begira daude denak, baina bigarren mailako taldeak iaz
baino askoz indartsuagoak izango dira. Azpimarratzekoak dira Easo X.T. taldeko
hiru maisu handiak, eta Conteneo Haitzak taldeko maisu handi bat. Euskal Ligako
Lehen Mailan Iruņeko San Juan taldea da aipagarriena, maisu handi bat eta
nazioarteko bi maisu baitaude tartean. Irabazteko faboritoak dira.